Basquetour: BTT Euskadi

EURIA EGINAGATIK, GOZATU EDERRA HARTU ZUTEN ATZO BTT ZALEEK - 2012/07/04

Itzuli

Euria eta lokatza protagonista izan baziren ere, lagunarteko giro atseginean igaro zuten atzo eguna Debabarreneko IV. BTT Martxara hurbildu ziren BTT zaleek. Eguraldi txarra dela eta, aurreko urteetan baino parte-hartze txikiagoa izan zuen probak baina, hala eta guztiz ere, Euskal Herriko txoko guztietatik etorritako 220 lagun elkartu ziren, baita Alcala de Henares eta Burgosetik etorritakoak ere.

Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak eta Debegesa Garapen Agentziak eskualdeko BTT kluben laguntzarekin antolatutako martxa herrikoia da honakoa eta helburua partaideei mendi bizikletaz gozatzeko aukera eskaintzea da eta Debabarreneko BTT Zentroak dituen ibilbide ikusgarriak ezagutzera ematea.

Parte-hartzaileek bi ibilbide izan zituzten aukeran, bata laburra, 25 kilometrokoa eta bestea luzea, 45 kilometrokoa. Lokatzak eta euriak ibilbidea are gogorragoa egin zuten arren, Karakateko paraje ederrez gozatzeko aukera izan zuten beste behin bizikleta zaleek.

Bestalde, parte-hartzaileak laguntzera joandako lagunen itxaronaldia arintzeko, aurten lehendabiziko aldiz, antolatzaileek spinning saioa burutu zuten Mintxetako Kirolgunean eta dozena bat lagunek hartu zuten parte.

Behin proba amaituta, sari ugariren zozketa egin zen. 30 opari baino gehiago banatu zituzten partaideen artean, hala nola, bazkariak edota afariak, egonaldiak hotel edota nekazal turismoetan, kirol materiala, bisita gidatuak, produktu gastronomikoak... denak ere Debabarreneko alojamendu, jatetxe eta kirol dendek eskainitakoak.

Ondoren, Mintxetako aparkalekuan kokaturiko karpa erraldoian, bazkari goxoa dastatzeko aukera izan zuten bertara hurbildutakoek, 100 bat lagun batu ziren. Eta egunari amaiera borobila emateko, bazkalondoren “Melissa & The Jacks” taldeak zuzeneko kontzertua eskaini zuen.

Partaideen artean txirrindularitzari buruzko “Planeta MTB” aldizkari ezaguneko bi kazetari izan ziren. Proba ikaragarri gustatu zitzaien eta hemendik gutxira erreportaje zabala argitaratuko dutela iragarri zuten.
 

Argazki gustiak

Itzuli


info@btteuskadi.net © Eskubide guztiak Basquetouri erreserbatuta